Multilingual Folk Tale Database


Information

Author: Wentworth Webster - 1877

Narrated by Gaña Haurra Hirigarai

Original version in Basque

Country of origin: Spain
  - Region: Basque Country

Translations

There are no translations available for this story

Add a translation

Aphez Atzipakorra

Wentworth Webster

Asko munduan dien bezala bazien jaun andreak. Jaunak zuen izena Petarillo. Ibiltzen zen ihizian. Egun batez bazituen atzemanak bi erbiko hume eta jaun erretora goan zen egun batez harat. Eta andriari erran zion heldu zelarik berriz erretora, hetarik bat libratzeko haren bilha, billeta bat lephoan emanik, eta bertziari utzi zion bertze billet bat berak emanik.

Erretora goan zen gizon hura non zen, haren galdez. Andriak erran zion egorriko zuela erbietarik bat haren bilha, nun nahi izan zadien atzemanen zuela, arras ongi eskolatuak zituela. Eta libratu zuen hetarik bat.

Berantetsia zuten eta ethorri zen noizbeit. Andriak erran zion:

—Egorri dut erbia.

Erran zion:

—Hemen dut.

Erretorak erran zion othoi behar ziola hari saldu. Erraten dio ezetz, hainitz ongi eskolatua zuela. Berritz ere erran zion behar zioela saldu. Erran zion ez zioela emanen bortz ehun libera baño merkeago. Eman behar zioela hiru ehun liberetan. Ezetz. Eman zion lau ehun liberetan.

Erretorak erran zion bere gobernantari nihor heldu bazen, libra zezan erbi hura, atzemanen zuela nun nahi izan zadien. Gizon bat etorri zen erretoraren etxerat, eri batek galdetzen zuela. Egorri zuen erbi hura, harek atzemanen zuela eta erretora ez ageri. Berantetsia, gizona partitu zen eta gobernantak erran zion nola libratu zuen erbi hura.

Eta, ez zitzaiola agertu, koleran gan zen ihiztariaren etxeat, eta ikusi zuen Petarillok koleran heldu zela eta eman zion andriari zahagi bat:

—Hau emanen dun kasakaren azpian, eta arribatzen denian erretora, koleran sartuko haut ganibet bat eta eroriko haiz hila bezela, eta ni hasten naizenian xirolaren jotzen, altxatuko haiz piztu hizela.

Arribatzen da erretora koleran eta sartzen dio bere andriari ganibet handi bat. Erortzen da lurrerat. Erretorak, iya badakien zer in duen, erraten dio. Ez dela deusik, erremediatuko duela. Eta hasten da xirolaren jotzen. Altxatzen da pixtua, eta erraten dio jaun erretorak othoi behar diola xirola hura saldu. Ez diola salduko hainitz baliosa duelakotz. Baietz, behar diola saldu. Zenbat behar duen. Behar den guzia emanen diola. Bortz ehun libera. Eta ematen diozka.

Gobernantak zenbeit aldiz trufatzen baitzuen, etxerat gan eta behar duela piska bat izitu. Usaian bezala hasten zaio trufatzen eta sartzen dio mahaineko ganibet handi bat. Arrebak erraten dio:

—Badakizu zer ari zaren? Zure gobernanta hil duzu!

Bertzeak erraten dio:

—Ezetz! erremediatuko dut.

Hasten da xirola jotzen. Bañan ez du erremediatzen.

Badoha koleran ihiztariaren etxerat. Orduan arrimatzen du zaku batian eta erematen du errestan, behar duela itsasorat arthiki. Xilintxa mezakoa jotzen diote elizako ondoan pasatzian eta uzten du meza eman artio.

Artzain bat arte hartan pasatzen da eta erraten dio zer hari den han. Erraten dio itsasorat arthiki nahi duela jaun erretorak. Erregeren alabarekin ezkont arazi nahi duela. Harek ezetz. Hortakotz itsasorat ardiki nahi duela. Erraten dio bertzeak:

—Ni emanen nauk hire plazan eta libratuko haut. Hi ganen aiz ni arrimatu eta ene arthaldiarekin.

Meza emanik gibelerat itzuli denian, hartu eta erraten dio:

—Ezkonduko naizela erregeren alabarekin.

—Nik istantian ezkonduko haut.

Eta arthikitzen du itsasorat. Gibelerat itzuli denian ikusten du artaldiarekin bere gizona eta erraten dio:

—Nondik atheratu duk arthalde hori?

—Itsasoko zola hortarik. Hor bada holako franko. Ez dituzu ikhusten buru xuri batzuek nola agertzen dien itsasoaren gainian?

—Nik ere baitezpada hik bezala nahi nuke arthaldea banu.

—Hurbil zaite itsaso hegi hortarat.

Hurbiltzen da eta botatzen du.