Multilingual Folk Tale Database


Information

Author: Wentworth Webster - 1877

Original version in Basque

Country of origin: Spain
  - Region: Basque Country

Translations

There are no translations available for this story

Add a translation

Ama eta seme zozua

Wentworth Webster

Asko munduan bezala bazen ama bat. Bazuen seme bat eta arras pulliki bizi ziren.

Artalde bat zuten beren aberastasuna. Mutiko harek apetitu handi bat zuen. Maiz ama griñatzen zen haren jatekuentzat. Zozoa zen ere, ezin gehiago. Amak penekin ikhusten zuen deusetako ez zuela.

Egun batez egortzen du oihanerat ekhar zezala asto karga bat. Badoha arbolaren gainerat eta ari da aizkorarekin jo eta jo aldaska zeinen gainian beitzen. Gizon bat handik pasatzen zen. Ikhustian hori erraten dio:

—Zer hari haiz hola? Hire aldaskarekin eroriko haiz.

—Ez dut lehena pikatzen.

Eta gizonak erran bezela erortzen da aldaskarekin batean. Bere doloriak ahantzirik, badoha ahal bezala lasterka, gizon hura atzeman behar duela. Jainkoa zela hain ungi pentsatzen zuenaz geroz eroriko zela.

—Ho gizon! Ho! Gizon! Ho! Jainko maitea bide zare zu. Erran behar nauzu noiz hillen naizen.

—Hire astuak hiru uzker iten dituenian.

Gure mutilla badoha bere astoarenganat eta hari da karga eta karga. Patarra goiti gatean iten du bat. Istant baten buruan beste bat eta erraten dio bere buruari:

—Bertze batekin hilla naiz.

Iten du bertze bat eta bere buruba botatzen du hilla bezala lurrerat eta han badago. Astua badoha etxerat.

Amai ikhusten duenian astoa mutikoa gabe izitzen da, malur gertatu zaioela seme hari. Badago athean istant bat iyan agertuko den. Ikusten ditu gizon batzuek heldu direla alde hartarik. Galdetzen diote iyan ikhusi duten mutiko bat. Erraten diote baietz. Ikusi dutela hilla bezala.

Egortzen ditu lehen bai lehen auzoko bi gizon hangallekin billa. Ez zakien zer gertatu zitzaioen. Badohazi gizonak. Hartzen dute hangalletan eta heldu ziren.

Baziren bi bide etxerat ethortzeko eta hari ziren gizon hekiek zeñ zen bide ona. Ez ziren segur. Mutiko harek buruba altxatu eta erraten diote:

—Ni bizi nintzenian, hortarik gaten nintzen.

Gizon hekiek botatzen dute hangalletarik eta erraten diote:

—Ua beraz orai ere.

Ama penatu zen oraiñon harek in zuen jokoaz. Ikusten zuen ez zuela deusetako eta bizkitartean behar zuen behi eder bat sal arazi. Erraten dio bere semeari:

—Ez duk jakiñen hik, behi horren saltzen.

—Ba, ba! Aise! Erraten balin banazu nola in eta zenbat.

Erraten dio amak ele guti iten duen gizonari saltzeko behia.

Badoha merkaturat. Behia ederra baitzen, heldu da gizon bat. Ukitzen du eta erraten dio:

—Zenbat nahi duk hazienda huntaz?

—Ez dut nahi deusik zurekin. Sobra mintzatzen zare.

Heldu zaio bertze bat. Ukitzen du eta erraten dio:

—Badik esne behi hunek? Zenbat nahi duk?

—Ez da zuretzat ere. Sobra gauza erraten duzu.

Eta urbildu ziren guzieri gauza bera in zuen eta ilhuna ethorri zenian heldu zen etxerat bere behiarekin. Elizan pasatzean, sartzen da iyan iñen duen han tratu. Ikhusten du sendu bat zoko batean eta erraten dio:

—Hik erosiko nauk nere behia. Hi haiz nere amaren gogorako erostuna. Ethorriko nauk diruaren billa zortzi egunen buruban.

Arrimatzen dio haziendaren soka eta badoha etxerat. Amak galdetzen dio:

—In duk nik errana?

—Ba, ba! ez du deusik erran segurik.

—Non duk dirua?

—Erran diot ganen naizela zortzi egunen buruban billa.

—Nori saldu duk?

—Patron bati, etxe handi batean. Zuk erran bezala ez du hitz bat erran. Arrimatu diot. Hura da martxanta ona.

Amak ikhusi zuen zer astokeria in zuen orañion eta ikhusten du obeki deusetako ez duela.

Gonbitatuak izan ziren ama semeak ezteietarat. Amak erran zigoen:

—Nihork ez hau hartuko senartzat ikhusten badute hire apetitu izigarria eta nik ukitzen hautanean zangoa, arrastatuko haiz jatetik.

Erraten dio baietz. Etxe hartan bazuten potzo handi bat. Eta mahainean eman orduko badoha preseski gure mutillaren aintzinerat eta buztanaz ukitzen dio zangoa. Gure mutillak ustez eta amak jotzen zuen ez du jan nahi gehiago. Amak eta bertze jendek erraten zioten jan zezan bañan nihondik ez zuen nahikatu.

Etxerat arribatu zen gosiak. Amak erran zigoen nolaz ez zuen jan gehiago harek erran arte. Erraten dio semeak:

—Zuk zangoa jo eta gelditu naiz segurki.

Amak ezetz ez zigoela ukhitu segurki hoin fite. Eta gero konprenitu zuten zakurrak egin zuela.

Ama gaxo harek nahiko zuen ikhusi bere semea emazte bat hartzen eta erraten dio gan behar lukeela goiz mezarat, harat gaten direla neskatxa gazte guziak, heien begiz jotzerat eta berex zezala eder bat.

Biharamunian igandia beitzen, badoha artalderat eta atheratzen diote ardi guzieri begiak. Zarpa guziak bethiak zituen. Badoha eta paratzen da elizako atheetan eta neskatxa bat agertzen zenian, botatzen zigoen begi bat. Noizpeit finitu ziren eta neskatxa eder bat atheratzen da orañion eta badoha etxerat. Amak erraten dio:

—E bien! Gustatu zaik batere?

—Ba, ba! Eta nik begiak akabatuz geroz ere ateratu da neskatxa eder bat elizatik.

—Zer begi akabatu?

—Ez ninduzun erran begiz jotzeko? Atheratu diozkatet ardi guzieri begiak hekieri botatzeko.

Ama badoha eta ikhusten du pena handi batekin bere artalde guzia masakratua eta heien bizitzeko manera guzia akabo zela. Pena horrek eri arazten du. Ekhar arazten du mirikua zeiñak ordenatzen beitu maño bat.

Gure mutillak ematen du egur zama bat surat eta panderu handi bat ur. Harek erakitzen duenian bal bal bal, botatzen du mairarat eta soñian artu eta, han sartzen du bere ama eta egosten.

Heldu da arratsean mirikua. Galdetzen du nola den ama. Erraten dio:

—Ungi! Ungi! Goizetik irriz dago.

Badoha eta ikusten du urean zaukala oraiñon egosia. Gure mutillak igual finitu zuen bere bizia amak bezin malurus.